2019(e)ko urtarrilaren 20(a), igandea

Banakako Lan Plana

Dokumentu honetan, ikasleak Unitate Didaktikoa amaitzerakoan lortu behar dituen helburu guztiak idatzita dauzka.

Unitatearen hasieran, ikasleak bere aurreko ezagutzen balorazioa egin behar du (0 eta 3 arteko eskalan) helburu bakoitzeko, ondoren gaiaren bukaeran berriz ere eginez. Azkenik, gaiaren azterketa zuzenduta jaso ondoren, ikasleak azterketako galdera bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera, helburuak zein neurritan erdietsi dituen ipini beharko du (berriz ere 0 eta 3 arteko eskalaren bidez).

Txantiloia IES Cinco Villas-etik moldatua


Bi dokumentu mota egongo dira: bata maila estandarra (E) eta bestea minimoetan oinarrituta (M). Irakasleak Unitate Didaktikoa hasi baino lehen, ikasle bakoitzak zein maila landuko duen erabaki beharko du, eta soilik dagokion Lan Plana banatuko dio.

2019(e)ko urtarrilaren 19(a), larunbata

Zergatik egin dugu apostu ikaskuntza kooperatiboan?

Alde batetik, kanpoko eragileak daude, Ochoa de Olza DBHI-an kooperatiboan hastera eraman gaituztenak:
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak PROEDUCAR programa bultzatzen ari da, zeinaren helburu nagusia eskola porrotaren aurka lan egitea da, ikaslego guztiaren eskola-arrakasta sustatzeko asmoarekin. Horretarako, gure ikastetxearen elkarlanean ari da, hezkuntza inklusiboa eta metodologia berrikuntza bultzatzea bilatzen duen hobekuntza-plana martxan jarriz, beste gauza batzuen artean.
  • Gure ikastetxeak Lehen Hezkuntzako bi ikastetxetatik jasotzen du ikasleria (Ezkaba EP eta Doña Mayor EP), eta bertan ikaskuntza kooperatiboa bezalako metologia aktiboak erabiltzen ari dira, beraz, Bigarren Hezkuntzan ere nolabait lan egiteko modu horri jarraipena emateko beharra sentitzen dugu

Bestetik, ikaskuntza kooperatiboan murgildu den irakasle taldeak, ildo honetatik jarraitzera bultzatzen duten barne motibazioak dauzka:
  • Aniztasunaren trataerarako baliabideak behar ditugu, eta ikaslego osoari beharrezko arreta emateko ezinezkoa da egitura indibidualista batean lan egiten jarraitzea. Ikasle bakoitzak bere idazmahaian jardun eta irakasle bakarra ikasle guztiei laguntza banan-bana ematen saiatzen denean, ez dugu ikasle guztiengana iristeko aukera. Aitzitik, taldekako lanaren bidez aniztasuna ikasgelan bertan tratatzeko aukera dugu, giza-baliabideak -bai ikasleenak baita irakasleenak ere- modu integratzailean erabiltzeko aukera dugulako.
  • Gure aurrean eserita dauzkagun ikasleak, ez dira dagoeneko duela 30 urte zeudenak, aldiz, hezkuntza-berrikuntza errealitate bat bada ere, metodologiak nahiko tradizionala izaten jarraitzen du: testu-liburua oinarrizko baliabidea da, ikasgai magistrala irakasteko modu nagusia da, ikasgelako mahaiak banaka ezarrita daude denbora tarte gehienean, etab.

Pere Pujolàs-ek esango lukeen bezala (Vic-eko Unibertsitateko pedagogia doktore eta irakasle ohia), soilik ikaskuntza kooperatiboak posible egiten du gela inklusiboak edukitzea ("desberdina" den ikasleari gela barruan ematen zaiolako laguntza), balore hezkuntza egiteko aukera paregabea ematen digu (elkar-laguntza, solidaritatea, errespetua... kooperazioaren bitartez hein handi batean landu daitezke) eta oinarrizko gaitasun guztiak lantzea ahalbidetzen digu (haien artean komunikatiboa, ikasten ikastea edota gizarterako eta hiritartasunareko gaitasuna).

Irudia Darco